Argindarra bueltatu da hareazko erlojua irauli orduko. Denborak ez du apaldu argiaren indarra, urdindu bada ere. Oñatiko LATZEN heavy metal taldeak utzitako lekuan berrartu du ibilbidea. Laukotea berritu eta proposamena biziberritu dute iraganeko ideiekin, egungo baliabideekin eta etorkizuneko ilusioekin. Horren emaitza da "Denboraren Orbainak" hirugarren diskoa: zaindua, heldua eta askotarikoa.
Hamar abesti berri aurkeztu dituzte, 27 urte luzeren ondoren. LATZEN zena eta dena ulertzeko balio dute, bien arteko lotura naturalaren bidez. Izaera bera mantendu dute, baina abiadura mantsotzeko eta bizkortzeko esperientzia gehiagorekin. Horrelakoak dira denboraren orbainak, arrastoa uzteko prest daudenak.
Aldarte heavyaren erakusle dira diskoaren hasiera “Txori txarrak” eta bukaera “Zilarrezko kaiola”, baina ez bakarrak “Txarriboda”. Thrash kutsuko pieza pausatuak ere badira “Memento mori”, “Dogma”, entzulego zabalago bati begirakoak “Eutsi!”, “Heroi direnak”, ”Arnasbideak”, pasarte instrumental bat “Denboraren Orbainak” eta orain arte sorturiko kanta sentituenetako bat “Zauria”.
Kalitatezko soinuak eta diseinuak ere aipamen berezia merezi dute. Iker Bengoarekin grabatu dute diskoa Gasteizko Silverstar estudioetan, abestiak beste maila batera eramanez. Aldiz, Nestor Urdanpilleta arduratu da diskoak bere baitan duena ondo baino hobeto irudikatzeaz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario